SUTURA

|




Sutura taldea noiz sortu zuten ere ez daki talde berak. Zergatik? Bi laguntaldek erabaki zuten lokal bat alokatzea musika jotzen ikasteko eta entsaiatzeko. Jendearen sartu-irtena etengabea zen eta proiektua hutsaren peskizan zebilen.

Hori zen Sutura taldearen jaio aurretiko historia 1995ean Trintxerpen (Gipuzkoa). Entsaio-gela hark entzun zituen Eskorbuto eta la Polla Records taldeen abestien lehen bertsioak. Bertsioei gero eta moldakuntza itxurosoa antzematen zitzaien eta Sutura Leve izenetik Sutura taldea izatera pasatu ziren 1998an. Hortik aurrera atarramentu gehiago lotuko zitzaion Sutura taldearen izenari. Punka ematen duen atarramentua, noski. Zein? Eurei galdetzea baino ez dago erantzun posible bat aurkitzeko. Sutura taldea hurbilduko da punk eragabetu eta kaotikora baina jarrera kutsuarekin. Jorge Reboredo soinu teknikariarekin kontaktuan jarri eta1999an Sutura taldeak 12 abestiko lehen maketa argitaratuko du, kantu bati “Rock and roll a la mierda” jarri zioten izenburua garbi gera zedin taldearen musika norabidea. 2001ean “Dios está en todas partes” autoekoiztutako lana plazaratuko dute. Dagoeneko, Sutura taldearen punka ezaguna da, eta ez bakarrik Trintxerpen. Autoekoizpenaren bidean berriro ere, bigarren diskoa “Beber y luchar” argitaratuko dute 2005ean. “Sutura, 10 años… haciendo el imbecil” fanzinea (berrogei orri taldearen historia zehazten) gehi lehen maketa cd euskarrian kaleratuko dute 2009an.

Sutura taldearen hirugarren diskoa “Sueños podridos” izenburukoa 2010eko martxoan grabatu dute Donostiako Hell Division-Iron Batasuna estudioan, Mogambo aretoko Lolo eta Etxabe egon dira teknikari lanak egiten. Sutura taldeak ez du musika arloan laguntzarik eskatu, dena eurek grabatu dute. Sutura taldeak ez du ezer inbentatu euren hirugarren punk danbatekoa den “Sueños podridos” diskoan. Punk jarrera, sentimendua, gogoa, amorrua, intranzijentzia (zergatik tranzijenteak izan boterea bera intranzijente denean?), bizipena, estiloa eta doinuen berri emango digu Sutura taldeak, behin eta berriro, asperraldi, anomia eta ahanturaren aurka.

Sutura taldeak ez gaitu, bakarrik, zipriztinduko bere punk doinuekin, goitik behera bustitzeko asmoa eta jarrera dute. Punk estilo zahar-gaztera. Pogoaren muturreko garraxia. Kantuen sentsibilitatea era zakar zein zuzenean. Sutura taldeak realzaleentzat “txuri urdin” abestiaren punk bertsioa sartu du diskoan, festa alaitzeko beste modu bat. Diskoaren bukaeran bitxikeria bat aurki daiteke. Sutura taldea abiadura bizian dator kantu zorrotz eta zuzenak eskainiz. Hitz gutxirekin gauza asko esaten. Sutura punk izan da eta horrela segituko dute.

Billa: bateria eta ahotsak
Ivan: baxua eta ahotsak
Endika: gitarra
Antxon: gitarra
Anartz: ahotsa


0 comentarios:

Publicar un comentario